GREGORIO MURO «HARRIET»

Donostia, 1954. Komiki egilea, gidoilaria eta zinema eta telebista zuzendaria.
1978an komiki egile gisa hasi zen Donostiako Erein argitaletxearen Ipurbeltz aldizkarian. 1981ean Frantzian bere lanak argitaratzen hasi zen Glénat, Dargaud eta Humanoides Associes argitaletxeetan, bere lanen publiko eta kritikaren arrakasta bermatzen duten hainbat izendapen eta sari lortuz.

Europako herrialde askotan argitaratzen dira bere lanak: JUSTIN HIRIART (5 liburuki) Angoulemeko (Frantzia) Alfred sarirako izendatua 1988. SORGIN SEINALEA (5 liburuki) 1986ko Luccako (Italia) Unicef Festival Saria. ION ETA MIRKA (2 liburuki). SUDOR DE SOL (5 liburuki) Alpeetako Sari Nagusia Sierreko jaialdian (Suitza) 1988, gidoi onenaren izendapena Grenobleko jaialdian (Frantzia) 1990, Hyeresko jaialdiko Amerika Saria (Frantzia) 1991 eta “SIMON BESALUZE”(3 liburuki).

1990ean Juanba Berasategiren BALEANERRAK animaziozko film luzearen gidoilari gisa hasi zen ikus-entzunezkoan. Ordutik aurrera zinemako nahiz telebistako ekoizpen ugaritan lan egin zuen.

2015ean HARRIET EDICIONES argitaletxea sortu zuen, bere lan klasikoaren zati handi bat berreskuratzeko eta izenburu berriei ekiteko asmoz.